EVOLUTION proiektua, haur eta nerabeen babes-sistemako gazteen hezkuntza-etorkizunaren inguruko eztabaiden erdigunean
Data : 2026ko ekainaren 4a
Lekua : Huesca – Zaragozako Unibertsitatea
Gaia : Haurtzaroaren eta Nerabezaroaren aldeko Unibertsitateen Sarearen (RUIA) II. Estatuko Sinposioan parte-hartzea.
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) taldeak parte hartu zuen joan den 2026ko ekainaren 4an Haurtzaroaren eta Nerabezaroaren Aldeko Unibertsitate Sarearen (Red de Universidades por la Infancia y la Adolescencia RUIA) II. Sinposio nazionalean. Topaketa Zaragozako Unibertsitatean egin zen, Huescan.
Jardunaldiaren baitan, EHUko taldeak EVOLUTION proiektuaren emaitza batzuk aurkeztu zituen poster formatoan, zehazki, Gipuzkoako egoitza harreretako hezkuntza-taldeek tutoretzapean dauden haur eta nerabeen derrigorrezkoaren ondoko eta goi-mailako hezkuntzarako sarbidea sustatzeko funtsezkotzat jotzen dituzten faktoreak identifikatzeari buruzko emaitzak.
Egindako aurkezpenak aukera eman zuen kolektibo honek bere hezkuntza-ibilbideetan aurre egin behar dien erronkei eta aukerei buruzko ebidentziak eta hausnarketak partekatzeko. Era berean, egoitza-harrerako profesionalek hezkuntza-ibilbide jarraituagoak eta arrakastatsuagoak sustatzeko egiten duten laguntza-lana balioan jartzeko aukera ere eskaini zuen.
Posterrak bertaratutakoen interesa piztu zuen, eta Estatuko hainbat lurraldetatik etorritako profesionalen eta ikertzaileen artean esperientziak, ezagutzak eta jardunbide egokiak partekatzeko gune bat sortu zen. Elkarrizketa horri esker, babes-sistemen errealitate desberdinak kontrastatu ahal izan ziren, eta kolektibo honentzat hezkuntza-aukeren berdintasuna bermatuko duten estrategietan aurrera egiten jarraitzeko beharra indartu zen.
Sinposio honetan parte hartzea aukera berri bat izan da EVOLUTION proiektuaren emaitzak zabaltzeko eta haur eta nerabeen eskubideen sustapenarekin konprometituta dauden unibertsitateen, administrazioen eta erakundeen arteko lankidetza-sareak sendotzeko.

